Gure historia

 

Soinu Txikiren historia:

Soinu Txiki marka 1996-an sortu zuen Iñaki Malbadi trikitilari Albizturtarrak. Garai hartan iada atzerritik etortzen ziren esku soinu gehienak, eta hau oztopo haundi bat zen soinujole eta soinugileen arteko komunikaziorako. Iraganean Zengotita eta Larrinaga etxeek eskaintzen zuten gertukotasunak trikitixaren garapenean eta hedapenean berebiziko pisua izan zuten, esaterako Jazinto Rivas "Elgeta" zenak eskatuta beste bi botoi gehitzeko aukera emanaz. Soinujoleek garai haietako Larrinaga-Guerrini soinuak miresten zituzten (eta oraindik ere ospe handia dute), hain zuzen hauen atzetik etorri zirenek ez zutelako haien soinu bera; momentu batetik aurrera zerbait aldatu zen. Iñakik gertutik bizi izan zuen soinugileen gainbehera hau: Larrinagaren itxiera lehenbizi eta Kellerena ondoren. Bera soinujolea eta trikitixa irakaslea izanik, Castelfidardora joan zen 80. hamarkadan, bertako hainbat soinugile bisitatuz eta Dino Baffetirekin egin zuen harremana.

Hainbat urtez Dinorekin harreman komertzial eta pertsonala eraiki ondoren, Soinu Txiki proiektua proposatu zion, beraiek erabiltzen zituzten ahotsen ordez Iñakik Binci artisauak eskuz eginiko ahotsak nahi zituen ordea, diseinu estetikoa berak esana, egurrezko kaxa izateko aukera (intxaurrondoa, gereziondoa ala astigarra), eta gainerako xehetasun guztiak ere bere gustura zehaztuak. Lehenengoan Dinok ezekoa eman bazion ere, Iñaki ezagututa, bazekien berarekin ez bazen beste norbaitek egingo zizkiola eta azkenik onartu zuen. Hala 1997an, lehenengo Soinu Txiki labealdia egin zuten, eta geroztik urte askoz jarraitu zuen halako esku soinu profesionalakak egiten.





Urte batzuk aurrera egin eta 2022an Iñaki pixkanaka erretiroa prestatzen zebilela, Xabi bere semeak berreskuratu zuen Soinu Txiki marka, triklatua izeneko gailua komertzializatzeko. Triklatua trikitixa eta teklatu baten arteko hibrido bat da eta 2020an sortu zuen Xabik, hasiera batean berarentzako esperimentu soil bezela, nahiz eta denborarekin eta ingurukoek bultzata produktu bihurtu zuen, zeina 2022an "modelo de utilidad" bezela patentatu zuen.










Iñakiren historia:

8-9 urte zituela (1965-1966) etxeko irratian errosarioa entzuten zuten eta ondoren, afal orduan Loiola irratian trikitixa egoten zen. Haren soinuak maitemindu zuen. Herriko festetan eta gabonetan trikitilariak etortzen ziren (Sakabi, Laja, Epelde...) eta orduan haien ondoan egoten zen adi entzuten ahal zuen denbora guztian. Honen harira gurasoei gabonetan erregetarako opari gisa eskatu zien trikitixa, baina noski garestiak zirela batetik eta trikitilariek garai hartan zuten fama txarra zela bestetik, harmonika bat ekarri zioten haren ordez eta honekin saltseatu arren ez zion trikitixak bezalako zirrara sortzen. Haren atzetik kartoizko zapata kajekin jostailuzko trikitixa bat egin eta berak ahoz trikiti hotsa eginaz jolasean ibiltzen zen.

17 urterekin lanean hasi eta bere soldatarekin erosi zuen bere lehen soinua. Orduan ez zen erreza trikitixa ikastea, eta hortaz bere kaxa ikasten hasi zen, grabagailuarekin beste trikitilariek jotzen zutena grabatu eta gero grabaketa horietatik ikasten zuen. 

Berehala herriko lagunek gaztain jan bat zela eta soinua ateratzeko eskatu zien Iñakiri; hurrena afari bat eta afari hartan suertatu ziren hernialdear batzuk bertako festetan jotzeko eskatu zieten 2 egunetarako. Han errepertorio gutxi zuela eta piezak hainbat aldiz errepikatu behar izan zituenez Martinekin dozena erdi bat pieza ikastera joan zen, baina bere kabuz gusturago zebilenez hala jarraitu zuen geroztik.

Tolosako Santa Mariako organojole Salustiano Balzarekin lehen solfeo ikasteka batzuk egin zituen  ondoren. Gerora lizartzarrekin eskurtsio batean ezagutu zuen Jesus Mari Esnaola akordeoi jolea eta harekin adiskidetasuna jorratu ostean berekin jarraitu zuen solfeoa ikasten. Eleuterio Tapiak aldiz Isidro Larrañagarengana joatea gomandatu zion eta harekin ere Tango, bals, pasodoble batzuk ikasi zituen.

Ondoren soldaduska etorri zen eta haren atzetik hasi zen lehenengoz panderojoleekin, 1980ko txapelketaren harira. Halaxe 14 urteko Ramon Dorronsoro herriko laguna animatu zuen panderoa ikastera. Orduko hartan semifinalera iritsi ziren baina finalera ez. 1982ko txapelketan aldiz lortu zuten finalera iristea eta bertan apropos txapelketarako sortu zuen fandango bat jo zuten, gerora Albiztur izenez ezagun egin zena.

Txapelketek balio izan zieten hainbat herritako festetan jotzera iristeko. Garai hartan telefonorik ez zen izaten etxe guztietan, baina kasualitatez Ramonen etxean bazen bat eta horrek erreztu zien eskaerak jaso ahal izatea.

1982ko txapelketaren harira IZ diskoetxetik proposatu zieten disko bat grabatzeko, eta doinu herrikoiak ez grabatzearren, Jesus Mari Esnaola lagunari eskatu zion ba ote zuen piezarik. Hala hark soinu haundirako sortutako pieza batzuk bazituela eta Iñakik trikitixarekin ikasi eta grabatu zuten "Albizturko Trikitixa" izeneko lehen diskoa, 1984an argitaratu zena. Honen harira 1985ean Azala folk taldean sartu zen, hauekin Marrutxipi diska grabatu eta 1986an Guadalajarako Folk txapelketa irabazi zutelarik. Horregatik ere hainbat kritika jaso zituen, izan ere trikitixa beste instrumentu batzurekin nahastea artean ez baitzen ohikoa.

Aurrerago 1987 eta 1988an Italiako munduko akordeoi diatoniko txapelketetan ere parte hartu zuen.  Lehena Attimisen, ezagutu berri zuen Dino Baffettik bultzata eta berak utzitako soinu batekin. Hala Castelfidardotik Attimiserako 500km-ko bidean emaztegaia gidatzen eta bera atzekaldean soinua joz joan ziren. Polka, bals eta mazurka bat jo behar zituzten eta irabazle sortatu zen Iñaki, bere ustetan Petite Waltz-i esker, honek eskala kromatikoa duelako tartean eta garai hartan soinu diatonikoekin ezohikoa zelako. 1988koa Santa Maria Nuovan izan zen, Castelfidardotik gertu, eta orduan bigarren postua lortu zuen.

1989an Ramon soldaduskatik itzultzean Harri Txurian izenarekin grabatu zuten beren bigarren diska, Elkar argitaletxearekin, kasu honetan ere Esnaolaren pieza askorekin baina Iñakik berak sortutako bost pieza ere sartuaz. 

https://www.argia.eus/argia-astekaria/1274/inaki-eta-ramon-trikitixan-plazako-saioenak-egin-du

Irakaskuntzan:

18 urterekin jada irakasten hasi zen, orduan irakasle aukera haundirik ez zegoela eta hainbatek eskatu ziela ikusita. Hasiera batean Idiazabal ingurutik 3-4 lagun etortzen zitzaizkion Albizturko gurasoen baserrira. Soldaduskara joan aurretik 6 ikasle izatera iritsi zen eta handik bueltan, 12 ikasle osatzera iristean erabaki zuen Tolosan lokal bat erosi eta bertan eskola irekitzea 24 urterekin.

Hortik soilik ogia ateratzea zaila zuenez beste lan bat ere bazuen, 2 urtez eszedentzi batekin musikatik soilik bizitzen probatu zuen lehenik; beste 2 urtez lanera itzuli zen ondoren eta gero irakaskntzatik soilik bizitzeko modua erdietsita lan hura behin betiko uztea erabaki zuen. Erromeriak ere 1992an utzi zituen, bi ume txiki zituela eta irakaskuntzan ere nahikoa lan bazuenez.

Irakasle lanetan ia 50 urtez aritu ostean, bai Ibarrako bere musika eskolan baita gipuzkoa eta nafarroako hainbat herritan ere, 2024-ean hartu zuen erretiroa.